Monday, February 18, 2019

Ekonomia artikuluak, bideoak...

Noam Chomsky. Creando consumidores que acepten ser controlados.
Bideo

Entrevista:
«Si alguien protagoniza hoy una revolución global es el capital»





Friday, November 23, 2018

Alkategaitzaren aurkezpen ekitaldiko hitzaldia


Tolosa, 2018ko azaroaren 22a

Hasteko, alkategai izateko proposamenari baiezkoa emateko arrazoiak azaldu nahi nituzke:

·         Alde batetik aurrerapauso pozgarria iruditu zaidalako ni bezalako herritar independiente bati, ezkertiarra, euskalzalea eta herriko hainbat ekimenetan inplikatua, baino behin ere inongo talde politikorekin loturarik izan ez dudan honi, aukera hau  eskaini izana.
·         Bestetik, nire profesioan  28 urtez jardun ondoren tarte bat irekiko dut nire bizitzan herriaren zerbitzurako lanean aritzeko. Tarte hau bukatuta, berriz ere ekingo diot nire profesioari eta ideia berriak eta guk orain dugun ilusio berbera izango duen beste talde bati  egingo diogu tokia. Formula honekin lan politiko autonomoagoa eta freskoagoa bultzatu dezakegula pentsatzen dut.
·         Eta azkenik, osatzen ari garen lan taldeak eta egiten ari garen proiektuak ilusioz gainezka egoteko arrazoiak eman dizkidalako.

Munduko edozein bazterreko gizaki ororen nahiak eta desioak berdintsuak direla pentsatzen duenetakoa naiz. Bizitzaren aurrean, gehienon helburuak nahiko xumeak dira, oinarrizko beharrak beteta izatea eta arima elikatzeko aukera batzuk izatea baino askoz ere gehiago ez diogu eskatzen bizitzari: maite ditugunak ondo egotea, bizitza aurrera eramateko kezka larririk gabe ibiltzea,  egunero jatekoa eta janztekoa izatea, etxe goxo bat izatea, babesa eta maitasuna ematen digun familia eta lagunartekoen sarea izatea, herrikideekin hartu eman egokiak izatea,  lan duina… Bilatzen dugun hori, nahi duzuen bezala definitu, oreka, zoriona, pakea… bakoitzak gure erara irudikatzen dugu.

Tolosar orok, bizitza duin eta aberasgarri hori aurrera eramateko aukerak sortzea da gure helburu nagusia.

Gaur Donostian pasa dut egun osoa, “Justizia Sozialerako Hezkuntza” jardunaldietan. EHbildutik Aurrera eraman nahi dugun programa ondo definituko lukeen titulua da, “Justizia Sozialerako Politika”.

Gure proposamenak zehaztasunez azaltzeko unea aurrerago etorriko bada ere, gaur, helburu nagusi hau lortzeko bidean, nondik-nora  abiatuko ginateke zirriborratu nahi nuke.

·         Herriak bizia izan dezan, kaleetan mugimendua behar da eta horretan denda txikiek ekarpen handia egiten dute. Batzuetan ez gara konturatzen herriko dendek zein garrantzia duten herriko bizitzan. Pentsatu al duzue inoiz nolakoa litzateke korreo kalea dendarik gabe? Denda eta taberna hauek zerbitzua eskaintzeaz gain herritarron arteko interakziorako aukerak handitzen dituzte eta denontzako, baino batez ere adinekoentzat, babes sare ederra osatzen dute. Aiton-amonek kalera atera eta mugitzeaz gain, batekin eta bestearekin hizketan aritzeko aukera dute. Mugitzeko eta sozializatzeko aukera honek bizia ematen die. Udaletik gure esku dagoen guztia egingo dugu merkataritza  babestu eta indartzeko.

·         Merkataritzarekin batera, Tolosaldean, lehen sektorea oso garrantzitsua da eta hau biziberritzen jarraitu nahi dugu. Produkzioaren antolaketa berraztertu, produktuei irteera berriak emateko aukerak aztertu, adibidez, eskoletako jangeletan bertako produktuak kontsumitzeko proiektua. Lehen sektore indartsu eta jasangarria bultzatu nahi dugu.

·         Merkataritzaz eta lehen sektoreaz hitz egitean, ezinbestekoa da kontsumo ohituraz hitz egitea. Ditugun kontsumo ohituren gaineko hausnarketa sakona egitea funtsezkoa iruditzen zaigu. Denok ditugu gure kontraesanak, baino importantea da ez ahaztea, egiten dugun erosketa bakoitza gizarte eredu batera edo bestara garamatzan  ekinza politikoa dela.

·          Gure esku dago herriari horrenbeste argi eskaintzen dioten sektore hauei babesa ematea.

·         Tolosako eta Tolosaldeko industriaren beharrei erantzuteko gure eskumenen baitan dauden neurriak bultzatuko ditugu eta dagoeneko lanean ari diren eragileekin elkarlanean, berrikuntzan sakondu eta lanpostu berriak sortzeko ahalegin betean ariko gara. Arlo honetan, Lanbide Heziketako zentroekin dagoen elkarlana sakontzen jarraitzea funtsezkoa deritzogu.
Industriaz ari garela, ezinbestekoa da langileen baldintzaz hitz egitea. Aipatu ditugun eragile guztien elkarlana bultzatuz, oinarri sendoak jarri nahi genituzke, langile guztiok lan baldintza duinak izan ditzagun.
Hona iritsita, Tolosaldea Buseko gidariak zoriondu nahi genituzke. 9 hilabete borrokan aritu ondoren, langile guztio dagozkigun lan baldintza duinak izatea lortu duzue. Zorionak zuei eta ondoan izan dituzuen herritar eta udal ordezkari guztiei!
Puntu honek berebiziko garrantzia du guretzat. Politika neoliberalek indarra hartzen ari dira azken urteetan. Aberatsak geroz eta aberatsagoak dira eta langileon lan baldintzak geroz eta gehiago kaxkartzen ari dira. Une honetan lanaldi osoan dauden zenbait personek gorriak pasatzen dituzte hilabete bukaerara iristeko. Eta hau ez da posible. Guk ez dugu gizarte eredu hori onartuko.

Progresoa ez da, inora ez garamatzan AHT bezelako inbertsio megalomanoak egitea. Pentsatu duzue inoiz, AHTren bospasei kilometro egiteak duen kostuarekin ospitale berria eraikitzerik izango genukela Tolosaldean?
Progresoa guretzat, kalitatezko osasungintza publiko eta unibertsala izatea da. Lan baldintza duinak izatea da. Kalitatezko hezkuntza sistema publikoa izatea da. Gure behar energetikoak zein hondakinen kudeaketa bide jasangarrietatik egitea da, besteak beste. Gure bizi kalitatea horien baitan dago.
·        
  Lan baldintzei buruz hitz egin dugu dagoeneko.

· Urteak dira, Tolosaldeko biztanleok osasun sistema publiko on bat izateko aldarri ozena
egiten hasi ginela. Tolosaldean kalitazteko osasungintza publiko euskalduna behar dugu eta
hhau epe motzean errealitatea izan dadin gure ahalegin guztia egingo dugu.
  Azken aldian aseguru pribatuen publizidadea non nahi ikus daiteke eta “norbaitek”                   
  pribatizaziora jotzeko tentazioa izateak izutu egiten nau. EEUUetan, familia batean gaixotasun
  larri bat agertzean, gaixotasunak berak sortzen duen larritasunari alderdi ekonomikoa gehitu
  behar zaio. Gu bezalako familia batek izan dezakeen aseguruak gehienetan ez ditu
  tratamendu garestiak bere gain hartzen eta jende askok bere aurrezki guztiak eta batzuetan etxea ere saldu behar  izaten du tratamenduari aurre egin ahal izateko. Gaixotasuna gaindituta ere, familia asko ekonomikoki jota gelditzen dira eta beste askok zuzenean tratamendurik gabe gelditzen dira. Ikaragarria da eta… guk ez dugu eredu hori inolaz ere nahi guretzako. Osasungintzak ezin du inolaz ere negozio bat izan.
·
  Hezkuntzak berebiziko garrantzia du eta guk ere, halaxe eman nahi diogu.

o   Alde batetik, etorkizuneko herritarren formazioan duen garrantziagatik,

o   Bestetik, kohesio soziala, ekitatea eta elkarbizitza positiboa bultzatzeko tresna paregabea izan daitekelako, horretarako, ikastetxe guztien arteko ikasleen banaketa orekatua egin behar da derrigorrez. Aniztasuna errealitate orekatua izan behar du eskola guztietan eta segregazioa gainditzeko gure esku dagoen guztia egingo dugu.

o   Azkenik, bizi dugun informazio erauntsiaren aurrean, edo agian desinformazioa esan beharko genuke,  defentsarako dugun tresna bakarra geure burua janztea  eta gaitasun kritikoa ahalik eta zorrotzen mantentzea da.  Manipulazioa, korrupzioa eta injustiziei aurre egiteko heziketaren beharra dugu. Gure eskubideak eta askatasuna defendatzeko dugun tresnarik indartsuena izpirituko kritikoa landuko duen hezkuntza sistema da.

o   Gazte teknikoki prestatuak nahi ditugu, dudarik ez izan, baino baita ere gizarte kezkak dituztenak, mundu hobe baten alde lan egin nahi dutenak eta injustizien aurrean ahotsa altxatuko dutenak.

·       Burujabetza energetikorantz jo nahi dugu. Tolosan energia garbia sortzeko aukerak ikusten ditugu eta horretarako neurriak martxan jarriko ditugu. Negua hemen dugu ate joka, eta Tolosako familia guztiek neguan berogailua pizteko arazorik izan ez dezaten borrokatuko dugu. Ezin dugu onartu, Tolosan gaur egun, jubilatu bat bera ere, kalefazioa pizteko zalantzak izatea, hilabete amaieran gastuei aurre egiteko gai izango ote den beldur delako.

Tolosarron bizitza atseginagoa egite nahi horretan San Esteban auzoko biziberritzeari ekin behar zaio. Orain dela 6 urte, EHBildu udal gobernuan zenean, auzotarrekin elkarlanean auzo berria marraztu zuten: zonalde berdeak, baliabide kulturalak eta beharren araberako etxebizitza kopurua. Orain, legealdi osoa pasa da eta orduan aurreikusitakoaren bidetik hasteko asmoa du udalak. 4 urte urte galdu badira ere, denon artean, neurriko proiektu orekatua burutuko dugu San Esteban auzoan.

Alde zaharra biziberritzen jarraituko dugu, pisu hutsak merkatuan alokairu sozialean jartzeko aukerak aztertu eta gazteei emanzipatzeko bideak erraztu behar dizkiegu udaletik.

Oinezkoei eta txirrinduei espazio gehiago  eman behar diegu. Tolosa bizigarriagoa egingo dugu horrela.

Zumardi Txikia bezelako espazio ederra herritarrontzat berreskuratu nahi genuke. Jakitun gara, hala ere, hobekuntza guztiak zehar kalteak ere izaten ditutuztela, eta kasu honetan, kotxeentzako aparkaleku berriak non eta nola sor ditzakegun dugun erronketako bat izango da datorren legealdian. Lasai eta ondo hartu beharreko erabakiak dira hauek.

Gizakiok oinarrizko beharrez gain arima elikatzeko beharra ere badugu. Bide horretan, aisia modu aberasgarrian erabiltzeko aukerak zabalduko ditugu, kirola, sormena, arte eta kultura sortu eta gozatzeko aukerak emanez.

Bada orain arte aipatu ez dudan, eta gure ekinbide guztietan presente izan nahi dugun gaia, berdintasuna. Berdintasuna lortzeko, zoritxarrez, oraindik  bide luzea dugu egiteko eta gezurra badirudi ere, oso mantso goaz. Denon artean emakumeek pairatzen duten soldata arrakala gainditu behar dugu eta gizonezkoak zaintza lanetan askoz ere gehiago inplikatu behar dugu. Emakume askeak gizarte justu batean nahi ditugu. Azaroaren 25a bertan dugu eta ezin ahaztu aurrean dugun drama jasangaitz hau. 2017tik hona, Euskal Herrian 13 emakume erailak izan dira, bere bikoteak edo bere bikote ohiak erail dituzte hobeto esanda. Izugarria da. Ezin dugu basakeria hau onartu!

Berdintasuna eta jasangarritasuna arlo guztietan kontuan hartuko ditugun zehar lerroak dira.

Badakit gaurkoa hasierako aurkezpen bat dela eta hasieran esan dudan bezala ezin dugula zehaztapenetan gehiegi sakondu.

Hala ere, argi dugu egiten dugun hori nola egin nahi dugun, zein prozesu behar dituen eta zeinekin batera egin behar dugun.

Tolosa hobetzeko bidean, beharrak identifikatu, behar horien gaineko analisi sakona egin eta udal teknikariekin landu behar ditugu, baina betiere herritarrekin.
Tolosarrok sinistu behar dugu udalak egiten duen horretan ere hitza dugula, badugula zer esan eta zer egin.

Hemen azpimarratu nahiko nuke ehbildu alkatetzan egon zen garaian abian jarritako metodologia eta moduek arrastoa utzi dutela. Pozgarria da ikustea, Tolosako Udalaren partehartze metodologietan EH Bilduk hasi zuen bidea eta egin zituen aurrerapausoak, segida izan dutela azken urte hauetan. Oraindik, ordea, badugu zertan sakondu eta zer hobetu.

Eta hau guztia aurrera eramateko indarrak batu, kontsentsu zabalak bilatu eta lanean zintzo aritzeko prest gauzkazue.

Andu Martinez de Rituerto
EHBilduko Alkategaia

Tuesday, May 29, 2018

Saturday, November 25, 2017

Emakumeen kontrako indarkeriaren gaineko hausnarketa.

    Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna iristean administrazio gehienek kontzientziazio kanpainak egiten dituzte eta hezkuntzaren beharra azpimarratzen da. Batzuen kontzientzia lasaituko da ekimen horiekin baino arazoaren azal-azalean gelditzen direla iruditzen zait.

  • Emakumeen aurkako bortizkeria ulertzeko  nahitaezkoa iruditzen zait Galtung-en piramidea ezagutzea eta aztertzea.


Zer da bortizkeri kulturala? Gure ohitura, jarrera eta baloreen multzoa da. Bere espresioa jokoetan, jostaiduetan, kiroletan, abestietan, iragarkietan, filmetan... eta nola ez, gure jarreretan ikus dezakegu.  Bortizkeri kulturala emakumeen aurkako bortizkeria justifikatu eta legitimatzen duen marko ideologikoa da. Adibideak:
  • Emakumea publizitatean:

  • Jostailuetan: egun hauetako batean buzoian jasoko duzun katalogoan adibide ugari tipatuko dituzu seguraski.
  • Abestietan (jarritako adibideak zure sensibilidadea larriki zauritu dezake, kontuz!):


  • Adibideak mugagabeak dira, baino bortizkeri kulturala ez da horretara mugatzen eta gertu-gertu dugu: whathsAppetik lagunen batek txiste matxistak edo emakumea objetu sexual gisa azaltzen diren argazkiak partekatzen dituenean, edo bortizkeria gutxiesten denean edo salaketa faltsuen "buloa" zabaltzen denean. Maitasun erromantikoa, bere mitoak eta ber ezaugarri toxikoak, hala nola, kontrola, zeloak, posesibitatea...

Zer da bortizkeri estrukturala. Talde baten beharren asetzea mugatzen duten egitura fisiko edo antolamenduzkoen multzoa litzateke. Atal honetan, eta emakumeen kontrako bortizkeria adibidetzat hartuta, honako kasu hauen aipatu genitzazkeen besteak beste: emakumeen soldata baxuagoak; formakuntza berdina edo hobea izanda langabe tasa altuagoak; kristalezko sapaia bezala ezagututako fenomenoa, non emakumeak erakunde bateko organigraman gora egitean une batean aurrera egiteko langa bat topatuko duten;  emakumeen presentzia eskaxa aginte eta erabakitze postuetan, publiko, pribatu zein politikoetan...

Bortizkeri zuzena. Oso ikusgarria baino ia beti beste bien ondorio, eta tamalez, honen aurrean bakarrik hartzen dira neurriak. Eta kasu honetan ere fokoa erratuz, erasotzailea kontrolatu beharrean biktima da bere bizitza baldintzatua aurkitzen duena...

Bortizkeri zuzena eman ez dadin bortizkeri kulturala eta estrukturalaren oinarrien aurka jo beharko genuke eta horretan, administrazioaz gain, gizonok ardura zuzen-zuzena dugu.

Thursday, October 26, 2017