Monday, December 03, 2007

OINARRIZKO ETA DERRIGORREZKO HEZKUNTZAREN GAINEKO NIRE IKUSPEGIA

Ondorengo ideia hauek ikastetxeko klaustrokideen artean eztabaidatzeko idatzi nituen.

ZEIN DA, NIRETZAT, OINARRIZKO HEZKUNTZAREN FUNTSA?

DBH bukatzerakoan ikasleen gehiengoak oinarrizko konpetentziak (orain arte helburuak) garatzea (horretarako aniztasunari trataera egokia ematea ezinbestekoa iruditzen zaigu)

HONEK EZ DU ESAN NAHI:
* Ikasleak ezer egin gabe aprobatuko dutenik edo aprobatu behar ditugunik.
* “Maila jaitsi” behar dugunik.
* Ikasleak lanik eta esfortzurik egin behar ez dutenik.

HONEK ESAN NAHI DU.
Ikasle gehienengana iristeko ahalegina egitea. Horretarako:
* Ikasleen mailatik abiatu behar dugula halabeharrez.
* Derrigorrezko Hezkuntza bukatzerakoan ikasleek zein oinarri-oinarrizko konpetentziak garatuak izan behar dituzten adostu behar ditugula.
* Gelan erabiltzen dugun metodologiaren gaineko hausnarketa egin behar dugula (ikasleak gelan jardun aktiboan egoten laguntzen duten metodologiak erabili beharko genituzkeela pentsatzen dugu)
* Ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren gaineko kontrola eraman behar dugula, eta bide onean ez badoa neurriak hartu behar ditugula. Hau da: ikasleak iristen dira nik eraman nahi ditudan tokira? Iristen ez badira: zergatik ez dira iristen? Zer egin dezaket iritsi daitezen? Zer dago nire esku prozesua birbideratzeko?

ETA HAU NOLA EGIN DEZAKEGU?

1. DENON ARTEAN eta DAGOEN LEGEDIA aintzat hartuz, Derrigorrezko Hezkuntza bukatzerakoan zein den ikasle batek jakin behar duena, egiten jakin behar duena, izan behar dituen ohitura eta jarrerak... adostea (DBH bukatzerakoan ikasle batek garatuak izan behar dituen oinarrizko konpetentziak definitzea hain zuzen) Funtsezko atal honi heltzerakoan gizakion honako arloak hartu beharko genituzke kontuan: arlo pertsonala eta familiarra, arlo soziala eta lan arloa. Gure ustez arlo akademikoari huts-hutsean lotzen zaizkion gaiak oinarrizko konpetentzietatik at geratu beharko lirateke.
Curriculo berriaren Dekretuak, gai honi halabeharrez heltzera behartzen gaitu: Hezkuntza Proiektua berritu eta Proeiktu Curricularra egin behar baitugu.

2 Oinarrizko konpetentzi horiek lortzeko zein bideak jorratuko ditugun ere berraztertu beharko dugu. Ikasleak ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren protagonista nagusia izan behar du, benetako sujeto aktiboa. Norberak egiten duenean ikasten dugu.

3. Gauzak bide onetik ez doazenerako protokoloak garatu beharko genituzke:

Ikasleak gelan lanean aritzea ezinbestekoa da prozesua bide onean joan ahal izateko; ikasleren batek lanik egiten ez duen lehen unetik, guk ere zer gertatu daitekeen aztertzen hasi beharko ginateke. Nire ikasgaian bakarrik ez du lanik egiten? Zein izan daiteke lanik ez egiteko arrazoia? Puntu honetan azpimarratu behar da guk sintoma bat ikusten dugula, ikasleak lanik egiten ez duela, edo portaera txarra duela, edo klasera ez datorela;baino zer dago jokabide horren atzean, zein da portaera hori izateko arrazoia? Zergatia zein den jakiterik izango bagenu, neurriak hartu ahal izango genituzke. Zer egin dezaket/dezakegu ikasle hori berriz ere lanean has dadin? Eta hau guztia bideratzeko prozesuan irakasle taldeak pisu handia izango badu ere, familia ere inplikatu beharko dugu, ikaslearekin ere akordioetara iritsi beharko dugu, kasu batzuetan agian beste erakunde batzuen kanpoko laguntza beharko dugu (Udala, Diputazioa) Kontua da, arazoak sumatu bezain laster neurriak hartzen saiatu behar dugula eta ahal dela era koordinatuan eta denok bide berean lana eginez.

Antzeko protokoloa egin beharko genuke etxerako lanekin. Gure ustez etxerako lanen gaineko hausnarketa sakona egin behar dugu: nolako etxerako lanak bidaltzen ditugu? Bakarrik egin ditzakete? Zenbat denbora eskaini behar dio ikasle batek etxean egin beharreko lanari? Zeintzuk egiten dituzte? Zein etekin ateratzen diete? Irakasleon artean askotan entzuten da, “etxerako lanak ekarri ditu baino gaizki eginak”; ez al dira ba horretarako? Gaizki egiten badituzte bidalitakoa bakarrik egiteko gai ez direlako seinale izango da, ezta?...

Kontuan hartzeko beste egoera bat: ahalegina eginda ere gure espektatibak betetzen ez dituzten ikasleak; lana egiten dute eta ez dira “iristen”. Horiekin zer egin? (Dena den, aurreko puntuak ondo lantzen baditugu, hau ere bideratua izango dugula pentsatzen dugu)

4. Ebaluazioaren balio hezitzailea lehenetsi behar dugu. Prozesuaren nondik norakoen berri izateko erabili behar dugu. Une oro ikasleak ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan non dauden jakiteko tresna bat izan behar du. Ikasleari zer egiten duen ondo eta zertan okertzen den esateko erabiltzeaz gain, zergatik okertu den eta nola zuzendu dezakeen erakusteko erabiliko dugu. Gure lana hobetzeko tresna bat izan behar du.
Bukaerako ebaluazioa (kalifikatiboa) epai bat da, ez du asmo hezitzailerik, ikasleak noraino iritsi diren jakitea da bere helburu bakarra. Hezkuntzan era honetako ebaluazioa, bakarrik etapa baten bukaeran erabiltzera jo beharko genukeela pentsatzen dugu.

5. Ikasleak gure nahia, gure gogoa berak ikastea dela somatu behar du. Ikasleak guretzat inportantea dela antzeman behar du. Horretarako ikasleengandik gertu egon behar dugu, ondo ari ez denean zuzentzeko (ahal den neurrian, haserrea, etsipena eta ironiarik azaldu gabe) eta ondo ari denean indartzeko (ahal den neurrian era adierazkor eta hurbilean). Bere izenez deitzea eta begietara begiratzea asko lagundu dezakeela pentsatzen dugu. EZ GAIZKI ULERTU: honek ez du esan nahi, ikasleak mugak errespetatu behar ez dituenik edo bere ardurak betetzen ez dituenean kontuak eskatu behar ez dizkiogunik.

6. Irakasteko ilusioa izan behar dugu. Ikasleen aukeren gaineko espektatiba altuak baldin baditugu emaitzak askoz ere hobeak izango dira. Ikasleen motibazioa eragiten saiatu behar dugu; nola?
* Ikasleei proposatzen diegunaren erabilgarritasuna azalduz. Ondorengo galderei erantzuten saiatu beharko ginateke: Zer nahi dut nire ikasleek ikas dezaten? Zein erabilgarritasuna du irakatsi nahi diedana? Ikasleen interesetatik gertu dauden zein egoerekin lotu dezaket irakatsi nahi diedana?
* Helburua lortzeko gai direla sinestarazi. Saiatu eta gauzak ondo eginez gero aurrera egiteko gai izango direla sinestarazi. Zerbait ikasten ari garenean hasieran gaizki egitea ohikoa dela ulertarazi, huts eta okerrei esker ikasten dugula. Kontua da oker horien arrazoia topatzea eta nola zuzendu ditzakegun asmatzea (hau da irakasleon lanaren oinarrietako bat okerren zergatia antzematea eta horiek zuzentzeko bideak erakustea)
* Helburuak betetzea, arrakasta izatea eta aurrera egiteak sortzen duten zirrara sentsazioak interesa eta ahalegina areagotzen dituzte. Denoi gustatzen zaigu gauzak ondo egitea, eta ohikoena, ondo egiten duguna indartzea izaten da. Ikasleei ondo egiteak sortzen duen sentsazio positibo horiek bizitzeko aukera eman behar diegu. Beste aldean porrota dugu; porrot sentsazio kateatuak eragin suntsitzailea dute ikasleengan. Ahal den neurrian kate hori hausten saiatu beharko ginateke.
* Ebaluazioari aipamena egin badiogu ere, motibazioa bultzatzeko tresna baliagarria izan daitekeen neurrian beste ohar pare bat egingo ditugu bere gainean. Ebaluatzen duguna gelan landutakoarekin bat etorri behar du eta ikasleek oso garbi izan behar dute zer den guk irakatsi nahi dieguna. Ebaluazioa prozesua bideratzeko tresna bat dela ulertarazi behar diegu; bidean non nagoen jakiteko eta aurrera egiteko neurriak hartzen lagungarri suertatuko zaigun tresna (ebaluazioak motibazioa bultzatuko du baldin eta ikasleari zergatik okertu den eta nola zuzendu dezakeen erakusten badio). Ebaluazioa ikasleen autoestimua handitzeko tresna oso indartsua bihurtu daiteke, ikasleak oso ondo burutuko dituen frogak jartzen badizkiegu.
* Jadanik aipatutako beste gai batek ere eragin handia du ikasleen motibazioaren gainean, irakasle eta ikasleen arteko harremanak. Lehen esan bezala aurrerapenak azpimarratu eta okerren gaineko hausnarketa bultzatuz (zergatik egin duzu horrela? Zer egin dezakezu hau zuzentzeko?...) Ikasle guztiei arreta eta denbora eskainiz, honetarako entzute aktiboa erabiliko dugu (estrategia ezberdinak erabili ditzakegu: galderak egin, berak esandakoa parafraseatu...) Arazo handiak dituzten ikasleekin bakarkako elkarrizketak egitea eta bertan beraien portaeren gaineko zergatiak aztertzea eta konponbide eta konpromezuak lortzen saiatzea oso lagungarria suerta daitekeela pentsatzen dugu.

Eta egingo ditugun esfortzu guztiak eginda ere, jakitun gara zenbait ikasleekin ez dugula arrakastarik izango (%15+-) baino kopuru hori ahalik eta txikiena izan dadin ahalegindu beharko ginateke.

Alegia, 2007ko ekainaren 29a.

No comments: