Showing posts with label HITZAKO ARTIKULUAK. Show all posts
Showing posts with label HITZAKO ARTIKULUAK. Show all posts

Saturday, November 28, 2015

Atletismoan egin dudan bidea.

Pasa den astean Gipuzkoako Atletismo Federazioak kirol ibilbidearen saria eman zidan. Oso eskertuta nago nitaz gogoratzeagatik, baina era berean harrituta ere, ez baitut pentsatzen horrelako saririk merezi dudanik.


Atletismoan egin dudan kirol ibilbidea aztertzen hasita irabazitako dominak edo egindako markak baino lehenago urte hauetan lagundu nautenak eta egin ditudan lagunak datozkit burura.

Institutoko azken urtean nengoelarik, artean 1984a edo izango zen, atletismoak IVEFeko froga fisikoak prestatzen lagunduko zidalakoan, futbola utzi eta Altamirara abiatu nintzen. Han ezagutu nituen hasierako urteetan lagun eta entrenatzaile izango nituen Josetxo Imaz eta Jose Manuel Caballero (zoritxarreko bi trafiko istripuetan joan ziren lagunak...). Ni futboleko taldean zerbaitegatik nabarmentzen banintzen gaitasun fisikoengatik zen. Hala ere, garai hartako Ordiziko atletekin (“Karratu”, Joseba Bolinaga, Iñaki Imaz, “Pululu”, Victor Nieto, Angel Pérez, Etor Mendia, Xixio...) entrenatzen hasi eta nire tokian jarri ninduten; ez nintzen gai beraiekin, edo hobe esanda, beraien atzetik, 10' ere korrika egiteko. Nik ordun, jende askok bezala, atletismoa korrika egitearekin lotzen nuen, eta itxuraz, hori ez zen niretzako... Krosen bat ere korritu nuen. Hasi eta berehala bakar bakarrik “utzi” ninduten azken postuan. Hura lotsa...

Baino IVEFerako entrenamendu ona izango zelakoan hor jarraitu nuen, “sufritzen”. Entrenatzen genbiltzan horietako egun batean pistetatik “Bartolo” azaldu zen. Bera ezagutu ez arren bere berri banuen, dohai fisiko paregabeak zituen atleta zen eta ordurako 2 metro saltatuak zituen altueran. Koltxonetara gerturatu eta berarekin bi ordu baino gehiago saltatzen pasa nituen. Ederki pasa nuen eta zenbat saltatu nuen gogoratzen ez badut ere, gogoan dut Bartolok zenbat animatu ninduen. Bartolo ere zoritxarreko kotxe istripu batean joan zen oso gazte zelarik...




IVEFen sartu aurretik 1.80 m. inguruan saltatu nuen. Gasteizen atletismoko irakaslea Ramón Cid zen eta ordurako entrenamenduaz zerbait gehiago nekienez konturatua nintzen nik egiten nituen entrenamenduak altuera saltatzeko ez zirela egokienak. Josetxo Imazekin hitz egin eta Ramoni ea entrenatuko ote ninduen galdetzeko esan zidan. Ni lotsa-lotsa eginda halaxe egin nuen eta Ramonen eskuzabaltasunari esker berarekin entrenatzen hasi nintzen. Urte hortan (1986?) IVEFeko errugbiko taldean ere jolastu nuen eta atletismoko eta errugbiko entrenamenduak zirela, nire indar maila asko hobetu zen. Saltatzen ere antzematen hasi nintzen, ordurako 1.88 m. saltatu nuela uste dut. Hala ere, oraindik ez nuen nire burua hori baino askoz ere gehiago saltatzeko gai ikusten, baino pista estaliko Euskadiko txapelketa batean (1987) eta aurreko egunean errugbiko partidua jolastu ondoren, 1.96 m. saltatu nuen eta bigarren gelditu nintzen. Oraindik gogoratzen dut sentitu nuen poza, sinistu ezinda nengoen. Inflexio puntu bat izan zen. Ordutik 1990a arte saltatu nuen guztietan 1.95etik gora saltatu nuen. Ez dakit garai hartako emaitzak federazioan gordeak egongo ote diren baino gustatuko litzaidake jakitea zenbat aldiz saltatu ote nuen 2 metro baino gehiago. Hamar baino gehiago izan zirela esango nuke, baino ezertxo ere apuntatzen ez nuenez... Gogoratzen ditudanak, alde batetik, nire markarik hoberenak dira, 2.03 m. pista estalian eta 2.05 kanpoan eta bestetik, nire “lorpen” hoberenak: “promesa” mailan 1987an eta 1988an Españako txapelketetan lortutako zilarrezko dominak. Urte oso politak izan ziren. Garai hartako bi arantza txiki ditut, alde batetik froga gehiagotan parte hartu ez izana, luzera, hesiak eta pertiga egin nituen noizbait baino oso gutxitan. Pentsa, beterano bezala hesietan lortutako marka ia berdindu nuen... Eta bestetik ia beti bakarrik entrenatu izana. Urte batean Alfonso Azurzarekin entrenatu nuen baina ordurako ni jada ez nintzen oso serio entrenatzen ari. Horregatik gazteei beti esaten diet jolasteko eta froga desberdinetan parte hartzeko eta ahal dela taldean egin dezatela. Garai hartako atleta asko lagun ditut oraindik ere: Alfonso bera, Iñaki Gonzalez, Javi San Adrian, Edu Arzak, Antonio Gordillo, Andoni Anabitarte, Mikel Arbeloa, Jose Alberto Quintano, Jose Luis Irizar, Xabi Arratibel, Ana Ugarte, Amaia Sarasua, Valentin Rocandio, Juanjo Prado...


1990ean edo 1991n atletismoak gehiegi eskatzen zidala sentitu nuen. Ordurako mendiko ekintzak asko erakartzen ninduten eta lagunak eskalatzera edo trabesiaren bat egitera zihoazen bitartean nik etxean edo konzentrazioren batean gelditu behar nuen entrenatzen. Zertarako? Ozta-ozta Españako txapelketetarako minima egiteko. Gauzak horrela atletismoko entrenamenduak utzi eta mendiko ekintzetan oinarritu nuen nire kirol jardun osoa. Nahiz eta ez entrenatu, urte batzuk eman nituen urtean behin pistetara gerturatzen taldekako Euskadiko txapelketan parte hartzera Ordiziako taldea ordezkatzen.

Inoiz ez nuen pentsatuko atletismoa egitera itzuliko nintzenik, baino bizitzak bide izkutu ugari ditu eta halako batean, 2006ean Jon Etxeberriak deitu zidan. Txindoki ATn norbait behar zuten taldekako Euskadiko txapelketan altuera egiteko. Parrez, nitaz gogoratu izana eskertu nion baino 15 urte inguru neramatzala saltorik egn gabe kontuan hartzeko esan nion. “Hi sasoien hao, seguro primeran egingo dekela!” bota zidan. “Behintzat salto bat egin ezak, puntuatu eta kitto”. Eta hala itzuli nintzen pistetara, hezur guztiak bere tokitik aterako zirela pentsatuz. Nire sorpresarako, oso gustora sentitu nintzen eta 1.70 m saltatu nuen! Aste batzuk beranduago Gipuzkoako txapelketan parte hartu nuen, eta hara non, nire lehen Gipuzkoako txapelketa absolutua iarabazi eta 19 urtetara berriz ere txapeldun 1.82 saltatuta! Urte hauetan Peñarekin gaztetako harremana berreskuratu nuen ere...

Sasoi haietan beteranoen txapelketen berri izan arren, Armando Roca ez da alferrik ba nire emaztearen osaba, ez zitzaidan bertan parte hartzea burutik pasa ere egin. Hala ere, kuriosidadez nire adinekoek zenbat saltatzen zuten begiratu nuen eta hara non, Españako lehena nintzela!


Berriz ere entrenatzen hasi nintzen. Gauzak azkarregi egin nahi horretan, lesioren bat ere izan nuen, baino nire burua berriz ere ezagutzen hasi eta entrenamenduak egokitu eta hobeto eginez azken 10 urte hauek ia minik hartu gabe joan dira. Lehen aipatutako gaztetako arantza horietako bat behintzat atera dut. Nik orain atletismoa jolas bezala hartzen dut eta horregatik froga desberdinetan gustatzen zait parte hartzea, salto ezberdinak, pentatloia eta lasterketa motzen bat. Muga bakarrak nire gaitasuna eta mina hartzeko arriskuak dira. Urte hauetan txapelketa batzuk irabazi eta Europako bi txapelketetan brontzezko bina domina lortu ditut, baino niretzat bigarren garai honetako gauzarik ederrenak atleta-lagun mordoa ezagutu izana (gazte eta ez horren gazte), garai bateko lagunak berriz ere agurtu izana eta batez ere, nire seme-alabak atletismoan murgilduta ikustea dira. Pasa den urtean taldekako Euskadiko txapelketan, nire bi alaba zaharrenak eta hirurok parte hartu genuen Tolosako koloreak defendatuz. Oso-oso ederra izan zen.


Gaztetako etaparekin alderatuz badago beste alderdi positiboa, lehen, entrenamenduen seriotasuna eta nire espektatibak zirela eta, oso-oso zentratua nengoen atletismoan eta ia horretarako besterik ez nuen nire burua prestatzen. Orain berriz, atletismoa egin, ahal dudan guztietan eskalatu edo mendiko eskia egin, boleibolen jolastu, patinetan ibili... Gustatzen zaidan guztia egiten dut eta ahal den neurrian Izaskun, nire emaztea, nire seme-alabak eta lagun onez inguratuta.

Eta hemendik aurrera zer? Ba berdin jarraitu. Errendimendua eta osasunaren arteko oreka bilatu ahalik eta bizitza aktiborik luzeena izateko.


Mila esker bide honetan lagun izan zaituztedan guztiok eta sari hau merezi nezakeela pentsatu duzuenoi!



Thursday, December 20, 2007

KONTSUMOAREN AROA

Kontsumoaren aroan bizi gara, eta eguberriak kontsumoaren festa eta eromen kolektiboaren ikur bihurtu dira.
Ondo baino hobeto bizitzeko baldintzak izan arren, inoiz ez dugu nahikoa; geroz eta gehiago nahi dugu. Etenik gabeko katea. Nahi genuen hori lortu bezain laster, behar berri bat sortzen diogu ( gure bizitza osoa betetzen duen publizitateak nahikotxo laguntzen du, egia esan) geure buruari. Aseezintasun betean bizi gara eta horrela ezin patxada eta oreka topatu.
“Gizon zoriontsuaren alkandora” Tolstoïren ipuin klasikoarekin gogoratu naiz:
Bazen behin herrialde urrun batean oso triste bizi zen erregea. Dena zuen, baina hala ere beti penetan. Hain zegoen tristea gaixotu egin zela. Erreinuko mediku eta jakintsu ezagunenak bere inguruan bildu ziren. Denetarik frogatu zuten, edabeak, enplastoak... ezerk ez zuen onbidean jartzen. Ilunabar batean, etsitzen hasiak zirenean, agure bat azaldu zen erregearen aurrera eta halaxe esan zion:
-Errege jauna, zoriontsu bizi den norbait topatu behar duzu eta bere alkandora egun oso batez jantzi ondoren, osatuko zara.
Erregeak bere agindupean zeuden guztiak zorion betean bizi zen pertsonaren bila bidali zituen. Asteak eman zituzten herri eta azienda guztiak miatzen: aberatsa gaixo zegoen, osasuntsu zegoenak sosik ez zuen, osasunez eta diruz ongi zebilenak arazoak zituen bizilagunarekin, besteak senarrarekin eta azkenak semearekin. Denei falta zitzaien zerbait zoriontsu izateko.
Halako batean nekazari batekin topo egin zuten, lanetik zetorren irrifartsu eta alai. Zoriontsua ote zen galdetu ziotenean halaxe erantzun zien: -“nola ez naiz ba zoriontsu biziko, bizitza ederra da, lanik ez zait falta, osasunez ondo baino hobeto nago, maite nauten eta maite ditudan senide eta lagunak ditut. Zer gehiago eska dezaket”
Erregearen emisarioak txoratzen zeuden. Topatu zuten azkenik zoriontsu bizi zen norbait! Erregea sendatzeko bere alkandora behar zutela adierazi ziotenean, nekazariak alkandorarik ez zuela erantzun zien harrituta.

Nahi eta “behar” duguna eta dugunaren arteko tartea laburtzen doan heinean zoriontasuna (edo barne lasaitasuna, oreka... nahi duzuen bezala deitu) handitzen doa.

Monday, December 03, 2007

EZETZ ASMATU

Gaurkorako asmakizun bat proposatuko dizuet.
XXI. mendeko pandemia izango omen dira gizentasuna eta honen ondorioz ematen diren arazo eta gaixotasunak. Arrazoiak ugari eta anitzak badira ere, bi nagusietan laburbildu daitezke: geroz eta gutxiago mugitzen gara, bai lanean bai aisialdian (garraio motordunak, telebista, internet eta joko elektronikoak) eta jateko ohiturak ere azken urteetan okerrera egin dute nabarmen (otordu azkarrak, cocacola, kas... uraren ordez, opil industrialak etabar)
Bestaldetik, Hezkuntza sailaren erronka nagusietakoa ikastetxeetako bizikidetza hobetzea da, eta horretarako baliabide (dirua) mordoa erabiltzen ari da.
Eskoletan hiru alderdi hauek oso zuzenean lantzen dituen ikasgai bat bada. Jakintzagai honetan ikasleek bere burua hobeto ezagutu eta zaintzen ikasten dute, mugimenduaren eta jokoaren plazerra dastatzen dute, elkarren artean lagundu eta lehiatzen dira eta jardun honetan sortzen diren gatazkak era positiboan bideratzen ahalegintzen dira; elikatzeko ohitura osasuntsuak jorratzen dituzte baita ere eta azken urteetan hainbeste entzuten den adimen emozionala (gure emozio eta sentimenduak ezagutu, identifikatu eta kontrolatu eta besteekin hartu-eman osasuntsuak izateko abilezien garapena, besteak-beste) lantzeko parada ezin hobea eskaintzen du.
Honez gero asmatu al duzue zein ikasgaiaz ari naizen?
Eta zer dela eta zetorren hau guztia?
Kontua da, Hezkuntza sailak onartu berri duen Curriculumean Gorputz Hezkuntzako orduak nabarmen murriztu dituela. Datorren ikasturtetik aurrera, Derrigorrezko Hezkuntzan hala nahi duten eskolek, astero Soin Hezkuntzako ordu bakarra eskaini ahal izango dutelarik.
Euskadi, aurrera doan Herria.

2007ko urria

NON UTZI DITUGU TXIRRINDUAK?

Udako oporrak joan dira eta denok gure eginbeharretara itzuli gara. Lanera edo eskoletara itzultzearekin batera egunak uzten dizkigun tarte libre horietan egiten ditugun ekintzak ere berreskuratu ditugu. Lanegunetan izaten dugun aisialdirako tarte laburra ariketa fisikoari, kirolari eskaintzen diogunon multzoa zabala da oso. Aitortuko dizuet poza sentitzen dudala gazte eta ez hain gazteak, entrenamendu saioetan ikusten ditudanean, Oria ibaian arraunean (irudi ederra eskaintzen digute gainera), Berazubiko pistan saltoka eta lasterka, Artzabaltza (Izaskungo eta Villabonako bideak ahaztu gabe) inguruan paseoan (Uzturrera egunero igotzen direnak ere badira) eta korrika –Behobia-Donostia lasterketak bazter guztiak lasterkariz betetzen ditu!- txirrinduz batera eta bestera, dantzan toki ezberdinetan, Kiroldegian eta ikastetxeetan futbola, saskibaloia, judoa, igeriketa...
Pozgarria da bai, aberastuko dituen jarduerak egiten horrenbeste jende ikustea.
Honekin lotuta eta mugikortasunaren astea dela eta, honako galdera hau etorri zait burura: horren herri kirolzalea izanik zergatik ez dugu txirrindua garraio moduan gehiago erabiltzen? Gure herri eta bideetan autoa jaun eta jabe izan da azken 25 urteetan, hala ere, badirudi azken aldian oinezkoentzako eta txirrindularientzako toki gehiago bilatzen ari direla administrazio ezberdinetatik (espaloiak eta oinezkoentzako eremuak zabaldu eta bide gorriak egiten ari dira) Dena den zenbait tokietan polemika ugari sortu duten obrak izan dira: alde batetik kotxeak aparkatzeko toki gutxiago dagoela diote batzuk; nik, aukeran, nahiago ditut oinezkoentzako eremu gehiago nahiz eta automobilak urrutiago utzi behar. Eta bestetik oinezkoak eta txirrindulariak partekatu behar dituzten atalek -Tolosan egiten ari den bide gorriaren atal ugari horrela egiten ari dira- sortu dute eztabaida. Konponbidea sinplea izanik ere ez dakit erraza egingo ote zaigun betetzea, oinez goazenean bide gorriari erreparatu eta libre utzi behar dugu eta txirrinduz goazenean berriz mantso eta adi joan behar dugu.
Mugikortasun jasangarriagoa lortzeko bideetatik bat hau litzateke, oinez zein bizikletaz mugitzeko aukerak erraztu eta beste bat, garraio publikoa hobetu, ugaritu eta merkeagoa jarriz, txirrinduak garraio publikoan eramateko erraztasunak ematea ahaztu gabe; era horretan txirrinduz egiteko luzeegia izan daitekeen bidaia garraio publikoan egin ahal izango genukeen eta goazen tokira iritsita txirrinduz mugituko ginateke.
Oinez, txirrinduz zein garraio publikoan mugitzeak ingurugiroari mesede egiteaz gain, guri ere osasuna eta patxada handiagoa emango digu.

2007ko iraila

BIZITZA BIZI

Egun osoa bidean pasa ondoren herrira gerturatzen ari zen bidaiaria. Herriko lehen etxeak hasten ziren ingurutik mendixka bat ikusi zuen. Deigarria egin zitzaion bertara igotzeko bidearen edertasuna, urre koloreko harri txintxarrez betetako bidexka, errekako harri borobil eta zuri-zuriak inguratzen zuten. Goian, bidearen bukaeran, zilarrezko ate distiratsuak egurrezko itxituraren sarrera dotoretzen zuen. Nekea gainditu eta gorantz abiatu zen. Lorez estalitako zelai zoragarriarekin topatu zen, han hemenka urki bakan batzuk eta txoriak kantu etengabean. Belazean etzan zen txundituta. Atsedena hartu ondoren, eseri eta zelaian ordenik gabe harri zuriak barreiatuta zeudela konturatu zen. Horietako batera gerturatu eta honako hau irakurri zuen “Abdul Tare, zazpi urte, bi hilabete eta zortzi egun” ondokora joan eta “Lamar Kalib, bost urte hamar hilabete eta hogei egun”, larritzen hasi zen, toki paregabe hau kanposantu bat zen eta hilarri horietako inskripzioetan azaltzen zen pertsonarik zaharrenak 11 urte besterik ez zituen. Malkoei ezin eutsi, bertan eseri eta negarrez hasi zen. Une horretan kanposantuko zaintzailea agertu zen eta ahaiden batengatik negarrez ari ote zen galdetu zion. Ezetz, seniderik ez zuela inguru haietan baina zer demontre gertatzen ote zen herri hartan; horren herri txikian nola zen posible horrenbeste ume hiltzea, galdetu zion. Irrifarrez halaxe erantzun zion zaintzaileak: “lasai zaitez gizona! Hemen ez dugu inongo maldiziorik, ohitura zahar bat besterik ez. Gazte batek hamabost urte betetzen dituenean, gurasoek koadernotxo bat oparitzen diote -nik hemen, lepotik zintzilik dudan honen tankerakoa- eta momentu hortatik aurrera, norbera pozik, alai, indarrez beteta sentitzen den bakoitzean libreta ireki eta alde batean zerk sortu zion egoera pozgarri hori idazten du eta bestaldean berriz, zenbat denbora iraun zuen gozamenak. Norbait hiltzean, koadernoa hartzen diogu, bertan jasotako denbora guztia batu eta bere hilarrian idazten dugu. Guretzat, hori baita benetan bizitako denbora”

Egun hauetan Ramon Olasagastik idatzi berri duen “Mendiminez” liburu zoragarria irakurri dut. Azken urteotan hildako hogeita bi euskal mendizaleen bizitzen isla jasotzen du bertan. Ni ere negarrari ezin eutsi aritu naiz pasarte ugaritan, testuaren edertasunak, egoeren emozio gorena... Baina liburuaren kalitateaz gain azpimarratu nahi dudana Ramonek lanari eman nahi izan dion mezua da, eta horretara dator lerro hauen hasieran, behin, nonbait, entzundako ipuinaren bertsio librea. Mendizale hauek ez zuten arriskua bilatzen, zoriontsu izatea zuten helburu. Beraien bizitza, beraien zaletasuna pasioz bizitako jendea ziren. Bizizaleak; zentzurik hoberenean.

Ni ere, nire erara, bizizalea sentitzen naiz. Bizitzaren une bakoitzari bere xarma bilatzen ahalegintzen naiz, gertatzen zaidanaren alde positiboa topatzen, eta batez ere, arazoen tamaina erlatibizatzen; maiz izugarri larriak iruditzen zaizkigu ditugun arazoak benetako arazo larri bat izan arte (gaisotasun larriren bat, heriotza...) Hala ere aitortuko dizuet ez dudala beti lortzen, etzazue pentsa.

2007ko ekaina

EUSKARAREN GEROA

Hizkuntzak elkarren artean komunikatzeko tresnak dira, tresna magikoak esango nuke. Hizkuntza bakoitza mundu berri batera ematen duen leihoa da; bertatik ordurarte antzeman gabeko soinu, usain eta koloreak dastatu eta gozatuko ditugu; bizimodu eta jende berria ezagutuko dugu. Kontua da, tresna magiko horietako bakoitza menperatzera iristeko lan eskerga egin behar dela eta horretarako motibazioren bat izatea ezinbestekoa da (beharra, gogoa eta bihotza, ikasteko grina...)
Hizkuntzen mundu honetan Euskararen kasua bitxia eta zaila da oso. Alde batetik euskaldun guztiok elebidunak gara; orekatuago edo desorekatuago baino denok ezagutzen dugu erdal hizkuntzaren bat, gaztelera edo frantsesa kasu gehienetan. Egoera honek gaztelera edo frantses hiztunei dezente zailtzen die hizkuntza ikasteko prozesua; bai baitakite edozein unean bere ama hizkuntzara jota ingurukoekin elkar ulertzea lortuko dutela, eta bestaldetik ia ezinezkoa zaie erabat euskaraz biziko diren tokiren bat topatzea.
Hogeitazortzi urte pasa dira Gernikako Estatutua onartu zenetik, eta honek, garbi asko adierazten du gure komunitatean euskara eta gaztelania hizkuntza ofizialak direla eta denok dugula horiek jakiteko eta erabiltzeko eskubidea eta administrazioak behar diren neurriak hartu behar dituela euskararen ezagutza bermatzeko.
Euskalduntze prozesuan oinarrietako bat izan den Hezkuntza sistemak erabilitako hiru ereduetako bik, Ak eta Bk hain zuzen ere, euskalduntzeko baliorik ez dutela garbi asko ikusi dugu (baldintzen arabera D ereduak ezta ere). Orain dela aste batzuk Hezkuntza sailburuak Hizkuntza ereduen gaineko proposamen berria egin zuen Parlamentuan eta zehaztasun falta egotzi badiote ere helburua garbia eta nire ustez egokia da: Derrigorrezko Hezkuntza bukatzerakoan (16 urte) gazte guztiek B2 maila (idatziz zein ahoz, adierazmen eta ulermen maila txukuna) gainditu beharko dute; etzazue pentsa erronka makala denik!
Politiko batzuk kareta kenduta, benetako aurpegia azaldu dute; horren sutsuki defendatu duten Estatutuak dioenak bost axola; interesatzen zaiena bai, baina gustukoa ez dutena...
Aipatutako gaiak garrantzi itzela badu ere, euskalduntzearen gaia ikaragarri korapilatsu eta konplexua da eta ezin da Hezkuntza sistemara mugatu. D eredua eredu bakarra izango balitz ere, eskualde gehienetan eskolak ez luke euskalduntzea lortuko: alde batetik ikasleak ikastetxeetan 1050 ordu pasatzen dituzte urtean zehar, hori beraien bizitzako denboraren %14a besterik ez da; bestetik, irakasleen hizkuntzaren menperatze maila ez da beti nahi bezain egokia (gutxiestu gabe irakasleek euskara ikasteko egindako esfortzu handia) eta gehienetan hizkuntzaren erregistro bakarra, akademikoa, besterik ez da lantzen. Gazteak ez dira eroso sentitzen lagunartean, jolasean... euskaraz mintzatuta, ez baitira gai esan nahi duten guztia eta esan nahi duten eran esateko.
Euskalduntzearen kontu hauetan errealitatera itzuli behar dugu; Euskal Herriako zenbait eskualdetan (ez gehiegitan) euskaraz bizitzeko aukera izango dugu, baina gehienetan eta etorkizun hoberenean, jendeak euskara ezagutu eta jakin (?) arren, gazteleraz biziko da. Jendea erosoen sentitzen den hizkuntzan bizi da orokorrean eta hori alda ezina da. Sekulako gogoa eta indarra behar da, eremu erdaldun batean jaio, euskara eskolan ikasi eta eskualde erdaldun horretan euskaraz bizitzeko erabakia hartzeko.
Hala ere -eta honetan ezin dugu etsi- euskaraz bizi nahi dugunok euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzen jarraitu behar dugu, administrazioaren aurrean zer esanik ez, baina baita ere mundu pribatuan, indarra eginez euskara erabiltzeko aukera eskaini diezaguten. Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek...
Ez ahaztu.
2007ko maiatza

EGUNGO GAZTEAK

Askotan entzun ohi ditut egungo gazte eta umeen gaineko iritzi ezkor xamarrak: lotsagabeak direla, errespeturik ez dutela, esfurtzua zer den ez dakitela... Mota honetako loreak entzuten ditudanean, iritziemalea mutazio genetikoren bati egozten dizkiolako sentsazioa daukat gainera, auskalo zerk sortutakoa; Txernobilgo laino erradioaktiboak akaso.
Gizakion heziketa oso gai konplexua da. Jaiotzen garenetik, eta askoren aburuz amaren sabelean gaudenetik ere, gure inguruan ematen diren gertaerak eragina izango dute gure nortasunean, gure izaeran, gure heziketan eta horietako asko oharkabean pasatzen dira gehienontzat. Ume batek (eta heldu batek baita ere) errazago ikasiko du ikusten duena esaten zaiona baino. Gazteek, umeek eredu egokiak, erreferenteak behar dituzte.
Kontua horixe da, orain dela urte batzuk, oinarrizko heziketa osatzeko garaian, erreferente gutxiago, ia etengabe presenteak (ama gehienetan hor zegoen) eta batuagoak zeuden; herritar gehienak ere ume eta gazteen heziketa prozesuan bete-betan parte hartzen zuten. Gaur egun berriz, heziketa erreferenteak askotan desagertu egin dira eta estimuloen iturriak ia mugagabeak izan daitezke (telebistako nahi adina kanal, internet, txatak eta korreo elektronikoa...) eta kontrolatu ezean eragin oso kaltegarria izan dezakete ume eta gazteen heziketan.
Seme-alaba kontrolaezinak, berekoiak, frustrazioa jasateko gai ez direnak izan nahi dituzten gurasoentzako gomendio hauek irakurri nituen behin; betez gero ez duzue kalerik egingo: eskatzen duten guztia eman iezaiezue; egiten dituzten txorakeri eta bihurrikeri guztiak txalotu iezaizkiezue; ezta okurritu ere heziketa moral eta zibikoa ematea; ez behin ere errietarik egin frustatuko zaizkizue eta agian; botata eta jaso gabe uzten duten guztia jaso eta txukundu ezazue; nahi duten guztia ikusi (tv, internet...) eta nahi dituzten jokuak erabili ditzatela ordenagailuan eta play-stationean, ez denbora mugarik jarri, noski; ez esfortzurik eginarazi, ez dezatela jakin bizitza honetan lana egin behar dela bizirauteko; eztabaida sutsuak izan beraien aurrean; eskatzen duten diru guztia emaiezue; dituzten kapritxo guztiak bete eta inoiz ez kontrarik egin.
Ume eta gazteei mugak ezartzea, eman behar direnean ezezkoak ematea eta betebeharrak betearaztea; laztanak, musuak eta besarkaden bezainbesteko maitasunaren adierazleak dira eta beraien garapen orekaturako ezinbestekoak dira.
Lasai egon beraz, gure ume eta gazteak ez dira inongo mutazio genetikorik jasaten ari.

2007ko martxoa

URTARRILEKO ALDAPA

Urtarrileko aldapa bukatzear dago eta ezin itxaropenik azaldu. Egun, urte osoa bilakatu zaigu aldapa. Gure soldataren puska eder bat erabilita ere, biziaren erdia baino gehiago eman behar dugu etxebizitza ordaintzeko eta astuna izan arren hau ez da zama latzena; gure kontsumoaren gizarte maite honek harrapatuta gauzka bere hatzaparretan. Lana egin dirua irabazteko eta dirua irabazi kontsumitzeko eta berriz ere katea hasi: lana, dirua, erosketa, lana... etenik gabe.
Indian hilabete batzu pasa dituen gazte tolosar batek halaxe esaten zidan hango bizipenei buruz galdetuta “ba, hangoa baino, harrigarrigoa egin zait gure bizimoduarekin berriz ere topo egitea, hemen patxadarik ez dugu, beti presaka, beti lanpetuta, ezin iritsi; dena dugu eta gehiago nahi. Izan naizen herriko jendeak berriz, ezer gutxi du, bizitzeko lain, baina beste pake bat antzematen zaie, lasaitasun eta barne oreka handiagoz bizi dira”.
Uda partean lagun batekin izandako solasaldia etorri zait gogora, gure Aitton-Amonek gu baino askoz ere hobeto bizi zirela zioen berak, goizetik gauera beharra besterik egin ez arren lasaiago bizi eta zoriontsuagoak zirela. Nik berriz, ezetz, orain askoz ere erosogo bizi garela, lan ordu gutxiago egiten ditugula eta lana bera ere, orokorrean xamurragoa izaten dela, jatekorik ez zaigula falta, aisialdirako denbora gehiago dugula, osasun asistentzia...
Gazte tolosar horren Indiako herri txiki batean bizitakoaren gaineko hausnarketak eta udako gau epel hartan nire lagunak esandakoak nire iritzia zertxobait zehaztera eramaten naute: hobeto bizi garela baino hobeto bizi gaitezkeela esango nuke. Norberaren baitan dago gakoa.

2007ko urtarrila