Monday, December 03, 2007

BIZITZA BIZI

Egun osoa bidean pasa ondoren herrira gerturatzen ari zen bidaiaria. Herriko lehen etxeak hasten ziren ingurutik mendixka bat ikusi zuen. Deigarria egin zitzaion bertara igotzeko bidearen edertasuna, urre koloreko harri txintxarrez betetako bidexka, errekako harri borobil eta zuri-zuriak inguratzen zuten. Goian, bidearen bukaeran, zilarrezko ate distiratsuak egurrezko itxituraren sarrera dotoretzen zuen. Nekea gainditu eta gorantz abiatu zen. Lorez estalitako zelai zoragarriarekin topatu zen, han hemenka urki bakan batzuk eta txoriak kantu etengabean. Belazean etzan zen txundituta. Atsedena hartu ondoren, eseri eta zelaian ordenik gabe harri zuriak barreiatuta zeudela konturatu zen. Horietako batera gerturatu eta honako hau irakurri zuen “Abdul Tare, zazpi urte, bi hilabete eta zortzi egun” ondokora joan eta “Lamar Kalib, bost urte hamar hilabete eta hogei egun”, larritzen hasi zen, toki paregabe hau kanposantu bat zen eta hilarri horietako inskripzioetan azaltzen zen pertsonarik zaharrenak 11 urte besterik ez zituen. Malkoei ezin eutsi, bertan eseri eta negarrez hasi zen. Une horretan kanposantuko zaintzailea agertu zen eta ahaiden batengatik negarrez ari ote zen galdetu zion. Ezetz, seniderik ez zuela inguru haietan baina zer demontre gertatzen ote zen herri hartan; horren herri txikian nola zen posible horrenbeste ume hiltzea, galdetu zion. Irrifarrez halaxe erantzun zion zaintzaileak: “lasai zaitez gizona! Hemen ez dugu inongo maldiziorik, ohitura zahar bat besterik ez. Gazte batek hamabost urte betetzen dituenean, gurasoek koadernotxo bat oparitzen diote -nik hemen, lepotik zintzilik dudan honen tankerakoa- eta momentu hortatik aurrera, norbera pozik, alai, indarrez beteta sentitzen den bakoitzean libreta ireki eta alde batean zerk sortu zion egoera pozgarri hori idazten du eta bestaldean berriz, zenbat denbora iraun zuen gozamenak. Norbait hiltzean, koadernoa hartzen diogu, bertan jasotako denbora guztia batu eta bere hilarrian idazten dugu. Guretzat, hori baita benetan bizitako denbora”

Egun hauetan Ramon Olasagastik idatzi berri duen “Mendiminez” liburu zoragarria irakurri dut. Azken urteotan hildako hogeita bi euskal mendizaleen bizitzen isla jasotzen du bertan. Ni ere negarrari ezin eutsi aritu naiz pasarte ugaritan, testuaren edertasunak, egoeren emozio gorena... Baina liburuaren kalitateaz gain azpimarratu nahi dudana Ramonek lanari eman nahi izan dion mezua da, eta horretara dator lerro hauen hasieran, behin, nonbait, entzundako ipuinaren bertsio librea. Mendizale hauek ez zuten arriskua bilatzen, zoriontsu izatea zuten helburu. Beraien bizitza, beraien zaletasuna pasioz bizitako jendea ziren. Bizizaleak; zentzurik hoberenean.

Ni ere, nire erara, bizizalea sentitzen naiz. Bizitzaren une bakoitzari bere xarma bilatzen ahalegintzen naiz, gertatzen zaidanaren alde positiboa topatzen, eta batez ere, arazoen tamaina erlatibizatzen; maiz izugarri larriak iruditzen zaizkigu ditugun arazoak benetako arazo larri bat izan arte (gaisotasun larriren bat, heriotza...) Hala ere aitortuko dizuet ez dudala beti lortzen, etzazue pentsa.

2007ko ekaina

No comments: