Hizkuntzak elkarren artean komunikatzeko tresnak dira, tresna magikoak esango nuke. Hizkuntza bakoitza mundu berri batera ematen duen leihoa da; bertatik ordurarte antzeman gabeko soinu, usain eta koloreak dastatu eta gozatuko ditugu; bizimodu eta jende berria ezagutuko dugu. Kontua da, tresna magiko horietako bakoitza menperatzera iristeko lan eskerga egin behar dela eta horretarako motibazioren bat izatea ezinbestekoa da (beharra, gogoa eta bihotza, ikasteko grina...)
Hizkuntzen mundu honetan Euskararen kasua bitxia eta zaila da oso. Alde batetik euskaldun guztiok elebidunak gara; orekatuago edo desorekatuago baino denok ezagutzen dugu erdal hizkuntzaren bat, gaztelera edo frantsesa kasu gehienetan. Egoera honek gaztelera edo frantses hiztunei dezente zailtzen die hizkuntza ikasteko prozesua; bai baitakite edozein unean bere ama hizkuntzara jota ingurukoekin elkar ulertzea lortuko dutela, eta bestaldetik ia ezinezkoa zaie erabat euskaraz biziko diren tokiren bat topatzea.
Hogeitazortzi urte pasa dira Gernikako Estatutua onartu zenetik, eta honek, garbi asko adierazten du gure komunitatean euskara eta gaztelania hizkuntza ofizialak direla eta denok dugula horiek jakiteko eta erabiltzeko eskubidea eta administrazioak behar diren neurriak hartu behar dituela euskararen ezagutza bermatzeko.
Euskalduntze prozesuan oinarrietako bat izan den Hezkuntza sistemak erabilitako hiru ereduetako bik, Ak eta Bk hain zuzen ere, euskalduntzeko baliorik ez dutela garbi asko ikusi dugu (baldintzen arabera D ereduak ezta ere). Orain dela aste batzuk Hezkuntza sailburuak Hizkuntza ereduen gaineko proposamen berria egin zuen Parlamentuan eta zehaztasun falta egotzi badiote ere helburua garbia eta nire ustez egokia da: Derrigorrezko Hezkuntza bukatzerakoan (16 urte) gazte guztiek B2 maila (idatziz zein ahoz, adierazmen eta ulermen maila txukuna) gainditu beharko dute; etzazue pentsa erronka makala denik!
Politiko batzuk kareta kenduta, benetako aurpegia azaldu dute; horren sutsuki defendatu duten Estatutuak dioenak bost axola; interesatzen zaiena bai, baina gustukoa ez dutena...
Aipatutako gaiak garrantzi itzela badu ere, euskalduntzearen gaia ikaragarri korapilatsu eta konplexua da eta ezin da Hezkuntza sistemara mugatu. D eredua eredu bakarra izango balitz ere, eskualde gehienetan eskolak ez luke euskalduntzea lortuko: alde batetik ikasleak ikastetxeetan 1050 ordu pasatzen dituzte urtean zehar, hori beraien bizitzako denboraren %14a besterik ez da; bestetik, irakasleen hizkuntzaren menperatze maila ez da beti nahi bezain egokia (gutxiestu gabe irakasleek euskara ikasteko egindako esfortzu handia) eta gehienetan hizkuntzaren erregistro bakarra, akademikoa, besterik ez da lantzen. Gazteak ez dira eroso sentitzen lagunartean, jolasean... euskaraz mintzatuta, ez baitira gai esan nahi duten guztia eta esan nahi duten eran esateko.
Euskalduntzearen kontu hauetan errealitatera itzuli behar dugu; Euskal Herriako zenbait eskualdetan (ez gehiegitan) euskaraz bizitzeko aukera izango dugu, baina gehienetan eta etorkizun hoberenean, jendeak euskara ezagutu eta jakin (?) arren, gazteleraz biziko da. Jendea erosoen sentitzen den hizkuntzan bizi da orokorrean eta hori alda ezina da. Sekulako gogoa eta indarra behar da, eremu erdaldun batean jaio, euskara eskolan ikasi eta eskualde erdaldun horretan euskaraz bizitzeko erabakia hartzeko.
Hala ere -eta honetan ezin dugu etsi- euskaraz bizi nahi dugunok euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzen jarraitu behar dugu, administrazioaren aurrean zer esanik ez, baina baita ere mundu pribatuan, indarra eginez euskara erabiltzeko aukera eskaini diezaguten. Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek...
Ez ahaztu.
2007ko maiatza
No comments:
Post a Comment